Herriak ( beno, pertsona bakarra izan da. Autarkia deitzen diote horri) horrela eskatu duenez, lehengo ostiraleko, hilak 19, kontzertuaren kronika egingo dut. Blog honen filosofiarekin (?) bat ez datorren posteoa egingo dut. Egia esan, nire zioak baditut, Gabonak izanda, burmuina erabat lehortuta baitut eta, gainera, gogo gutxi dut kontsumismoari, hipokrisiari eta buenrollismoari buruz hitz egiteko. Hala ere, espero dut egoblog bat bilakatzeko lehen urratsa ez izatea hau. Hori bai, hemen ez duzue sekula irakurriko Sesamo Auzoko pertsonaien janzkera estiloei edo Oliver eta Benjiren zelaiaren luzeraren inguruko iruzkinik. Jada topiko bilakatu dira eta, niri behintzat, ez dit graziarik egiten jada… Has gaitezen, bada, pasa den ostiraleko kronikatxoa egiten. Adintxikikoak zaretenak, mesedez, jarraitu irakurtzen*. Ohar txiki bat: izenak jarri beharrean lagunen izenen lehenengo hizkiak jarriko ditut, baimenik ez baitiet eskatu. Lehenengo pertsonan komilatxorik gabe doana ni naiz. Post honen berantasuna dela-eta, Berriakoek ezingo dute copy and paste-rik egin. Sentitzen dut.
Hilabete baino gehiago darama egunak gure agenda birtualetan apuntatuta. Azkenean iritsi da, baina arazoak daude: lepo bete lan nago. Zazpietan iritsi dira gainontzeko hiruak lantokira nire bila. Itxoiteko esan diet, lana ez baitut bukatu. “Ok”. Lana ezin bukatu eta orduan hasi dira lehenengo mecagüendiosytodasuputamadre-ak. Lankideek harrituta begiratu naute. Normal. Hitzartutakoa baino ordubete beranduago atera naiz kalera, eta besteak bertan daude itxoiten. Barkatzeko esan diet, eta zigarro bat erretzen uzteko eskatu. M-k S eta A bere lankideak aurkeztu dizkit zigarroa iziotu ondoren. Kirioek ni erretzeaz gain, zigarroa erabat berotu dute. Artoa hurbildu izan banu, palomitak izango genituzke ipso facto. M-k esan dit nire nagusiari bahituta naukatela esan dio. Izan ere, duela urte batzuk bertan lantxo bat egin baitzuen. Kotxean sartu eta Bilbo aldera abiatu gara.
Kotxean dagoen kasete zaharrean Paul Simonen abesti are zaharrago bat dago entzungai. Bukatu denean dialean jauzika ibili da gidaria, gainontzekoen pazientziaren amaigarri. Ordubeteko bidaitxoaren ondoren, Bilboko Sarriko auzora iritsi gara, S-ren arrebak bertan baitu ikasle-pisua. Kotxea aparkatu ondoren, metroa hartu eta Abando aldera abiatu gara. Metroan zer afaldu eztabaidatzen aritu gara. Erabakia aho batekoa izan da: kebab-a. Albiako lorategi ingurura abiatu gara. Think Gaur Euskadi 2020 parez-pare eta enpresa afari piloa inguruan. “Badakizue Sabin Etxearen jatetxeak Aralar duela izena? Zerbait premonitorioa izango zen, agian…” esan diet gainontzkoei. Aurkitu dugu BBK-ren kutxazain automatikoa. Dirua atera eta kontuak egin ditugu: “Autopista 15 euro inguru, gasolina 10 euro, sarrerak 13’8 euro…”. “Sarrerak 13’8?”. “Bai, badakizu, Tic-Tac Ticketekoentzako komisioa”. Kebab baten bila aritu gara. Inguruak ez du kebab asko edukiko dituenaren itxurarik. Galdetzea erabaki dugu. Esan digute eta hara abiatu gara. “Istambul”, a zer izen originala. Jatetxe txinatar batengatik galdetu izan bagenu ziur “La Gran Muralla” izeneko batera bidaliko zigutela.
Kebabak eskatu ditugu, dürum-ik ez baitago. Amonari hau esango banioke, ez lidake tutik ere ulertuko. Eta hori Iztietan bizi dela. Bi bakarrik eraman dizkigute mahaira. Niri ez zait jatea tokatu. Beste biak jaten ari diren bitartean isiltasuna nagusi, kebab-a nola gozatzen zuten ikusten ari baikara, gero guri dagokigunean pentsatuz. Bukatu dituzte kebab-ak eta orain gure txanda da. Sekula jan dudan gauzarik onena dela iruditu zait. Ondoko mahaiko neska bat zutitu eta zigarro bat eskatu digu. Banuela erantzun diot eta bilatzen hasi naiz. Gorputza aurreraka botata zuen, eta wonderbraren eta Newtonen arteko borroka bizia igartzen zitzaion. Tabako paketea aurkitzeko denbora erlatiboki luzeak haragitan zigarroa kobratu ahal izatea lagundu du.
Kebabaren ateak irudikatzen zuen Bosforo itsasoa gurutzatu eta Kafe Antzokira abiatu gara. Han lehenengo tragoxkak hartzen hasi gara, kontzertua ez baita oraindik hasi. Garagardo bat eskatu dut eta gainontzekoek orujoa. Hamarrak eta hamar direnean atera da We Are Standard taldea oholtzara. Oihu eta txalo zaparrada. Nabari da etxean daudela. Deu Txakartegi abeslariak mikrofonoa hartu eta lehenengo hitzak bota ditu: “Gabon Bilbo, We Are Standard gara. Gaurko kontzertu hau Mikel Laboaren omenez doa”. Lehen akordeak hasi dira. Euren bigarren diskoko abesti bat da, kontzertuko ia guztiak bezalaxe. Hasiera pixka bat hotza izan da, aurretik beste talderik ez zegoelako edo. Antzokiaren aurrealdean gaude, eta bata bestearen gainean gaude ia-ia. Aurreko neskaren (buruko) ileak sartu zaizkit ahoan eta guzti. Kontzertuak aurrera egin ahala, hobera egin du. Hara, tabakoa bukatu zait. Bila joan naiz. Ulisesentzat errazagoa izan zen etxera itzultzea.
Nire Odisea partikularra egiten ari naizen bitartean, The Last Time abestia hasi dira jotzen. Teleberri-a ikusten duzuenak ziur badakizuela ze abesti den, zeren bukatzen denetik Pásalo hasten den arte 227 aldiz entzun daiteke Forumeko iragarkian. Bai, “Uju!” hori duen abestia. Lagunengana itzuli naiz. S-k beste orujo bat hartu du. Animatuegia dago. Bitartean, gure ondoan neska “sendo” bat dago, mozkortuta eta dantzan. Txusma Remix eta On the Floor abestiak jo dituzte bata bestearen atzetik. Zoramena harmailetan Juanan, Larrañagak zioen bezala. Jendea orduan hasi da lotsagabe dantzan. Bakailuaren ibilbidearen erreportajeetako irudiak gogorarazi dizkit. Gu, gipuzkoarrak izan arren, baita ere. Agian ingurukoak baino gehiago. Markel Olano eta enparauek omenaldi txiki bat egin beharko digute.
“Bueno, hau azkena” esan du Txakartegik. Hasi dira jotzen. Oker ez banaiz, Velvet Undergrounden I’m Waiting for my Man abestiaren bertsio irreberentea da. Bukatu eta alde egin dute. “Itzuliko dira”. Bingo. Bis-a egitera atera dira: bi abesti. Azkenekoa dela iragarri du “así que ya podéis aprovechar” esan du abeslariak. Eta kaso egin diogu. Oso luzea izan da abestia, baina intentsitate handikoa. Bukatu denean argiak itzali dituzte, eta abeslaria foko batek argitu du. “Maite ditut maite, gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean” Jim Morrisonen ahotsarekin kantatua. Brutala. Argiak guztiz itzali eta berriro piztean minutu erdiz astindu dituzte euren instrumentuak. Jendea ero moduan hasi da dantzan. Kontzertu bat amaitzeko modurik onena, gaindiezina.
Sentsazio gozoa gorputzean ordu eta hamar minutuko kontzertuaren ondoren. Merezi izan du. Ondoren goiko pisura igo gara. Orujoa eta kalimotxoak barra-barra. Nik nire burua kokakolizatu dut. Goiko solairuan ez da giro eta behera jaitsi gara. Behean hasi dira bakoitza bere aldetik joaten: WAS-eko kideak zoriontzen, S neskei kaka ematen… Usain txarra du honek. Are gehiago A oholtzara daramaten eskaileretan eseri denean. Oka egitera joan da. Bitartean S hortik dabil, galdua. Berak ditu giltzak eta helbidea. M-ri behin eta berriz errepikatzen ari natzaio “Vaya emboscada…” esaldia. S-ren bila joan da M. Itzuli denean S lurrera botatzen ari dela esan dit. “Pufffffffffffff! Ze sarraskia!” esan diot nire buruari.
Berriro galdu dugu S. Goiko solairura igo gara M eta biok. A agertu da bat-batean, S Kafe Antzokitik bota dutela esanez. Harrituta geratu gara. Eta esplikatzen hasi da. Kamarerari errieta egiten zeramala gau osoa, orujoaren prezio eta kantitatearen arteko bilan negatiboa zela-eta. Azkenean “te voy a pegar dos tiros” esan omen dio eta porteroak deitu ditu. Kanpora ateratzera erabaki dugu. Ate ondoan dago, sakelekoari begira. M atean zeudenekin hasi da hizketan eta bere aukera galdu duela esan diote. Onartu egin dugu eta beste taberna batera joatea erabaki dugu. S, harrotuta-edo, porteroei mehatxuka hasi zaie: “Zaindu ondo Antzokia! Agian leher egingo du”. Besotik heldu eta eraman egin dugu. Antzokia PNVkoa den funtsik gabeko tesia defendatzen hasi da orduan. “Bonba bat jarriko det hor! A ver, M, tú que eres de HB, ayúdame” esan dio. Erantzuna, edonork egingo genuen gauza berbera: irribarre txiki bat, haserre aurpegia disimulatzeko edo.
San Frantzisko aldera joan gara. Bidean, S bere tesia defendatzen: “M, Urkullu defendatzen ari zara” Eta horrela Euskadi Buru Batzar osoa. Abandoko (PSOEren graziaz, Indalecio Prieto) tren geltokiaren ondoan erakusleiho bati ostikoka hasi da S. Daramagun martxa bizitu dugu, badaezpada ere.
Conjunto Vacio antroaren parera iritsi gara. Sartzeko hamar euro ordaindu behar direla ikusi dugu. Eztabaidatzen hasi gara. “Nik ez ditut hamar euro ordainduko minutu batera bota gaitzaten” esan diet. Eta Badulake tabernaz oroitu naiz. Hara joan gara. Sarrerak 4 euro balio ditu, kontsumizio bakarrarekin. Abisatu diet “giroko” taberna dela. Berdin dio. M eta biok sartu gara lehenengo, eta barran kokatu ditugu ukalondoak. S eta A barruraino sartu dira. Bost minuturen ondoren haiengana joatea erabaki dugu. “Taberna honek 200 kilometro izan balitu, 200 kilometroak egingo genituzke” bota diot M-ri. Loca Academia de Policía filmean Blue Oyster tabernara sartzen direnean bezala sentitu naiz. Berriro itzuli gara M eta biok barra aldera. Jendearen presioak ETB1eko gauetako gizon bakartiarengana bultzatu nau. Egoera ez-erosoa. Bizitza puta guztia bere kontura barre egiten pasa ondoren, beragandik hamabost zentimetrora egonda ez naiz ezer esateko gauza izan. Gure atzetik etorri da S. Bi orujo eskatu ditu eta barran pausatu nahi izan du bere gorputza. Kasualitatea, baina barrarik ez zegoen tokira bota du gorputzaren pisu osoa. Ondorioa: kristoren hostia. Inguruan zeuden batzuek altxatzen lagundu diote. Hartu duen gaztakoa hartuta ere, tutu formako bi edalontziak bere eskuetan mantendu ditu. Hori bai, orujoak bero besoak zipriztindu ditu.
24 Hour Party People filmaren protagonista diren bi taldeen (Joy Division eta Happy Mondays) abestiak entzun ondoren, M eta biok alde egitea erabaki dugu. S-ri etxeko giltzak eta helbidea eskatu dizkiogu eta tabernariari taxien telefonoa. Atera eta Bilborock parean jarri gara. Neska bat dago bakarrik zubian, telefonoz deitzen. Tipo bat hurbildu zaigu tabako eske eta ez daukagula esan diogu. Neskarengana joan da orduan eta bortxakeriaz eskua sartu dio eskuan. Blokeatuta geratu naiz eta M-ri esan diot zer gertatu den, beste alde batera begira ari baitzen. Orduan tipoa handik urrundu dugu. Neska negarrez hasi da. “Esoy harta de los putos moros” esan digu. Gurekin etortzeko eskaini diogu, baina berak ezetz. Beno, zuk ikusi.
Taxiaren telefonoa etengabe ari da komunikatzen. Taxi bat geldiarazi dugu eta ezin gaituela eraman esan digu. Taxi geltokira joan gara. Kristoren ilara dago. Kuriosoa atzetik aurrera osatua egotea. Beno, ba itxoitera. Sopelako neska eta mutil bat jarri dira gure atzean. Azkenean iritsi da dagokigun taxia eta eurekin joan gara. Sarrikoko metro geltokian uzteko esan diogu taxistari, Errondoko kalea non zegoen ez baitzekien. Sopeloztarrekin hasi gara hizketan. Mutilak kazetaritzako lehen maila ikasi zuen Leioan. Badugu zertaz hitz egin. Sarrikora iritsi gara. Beste biei dirua eman eta atera gara. Parean Basagoiti haurra zeneko kartela. Deskojonoa. Etxea bilatu behar dela gogoratu dugunean amaitu dira barreak. Edo barre urduria hasi. Ez dago inor kalean.
Bueltaka ari gara, eta hiru lagun ikusi ditugu. Hurbildu direnean konturatu gara jonki antzekoak direla. Taktelezko txandal fosforitoen desagerpenak zenbat kalte egin dion drogazaleen identifikazioari. Kalea galdetu eta erantzun digute, zalantza handiekin. “Alkoholika baten eskuetan utzi dugu gure etorkizuna” esan dit M-k. Azkenean arduragabekeria horrek bere fruituak eman ditu eta etxea aurkitu dugu. Atea ireki eta egoeraren bizarrismoak berriro ere deskojonatzen hastera bultzatu gaitu. Izan ere, S-ren arreba bere gelan dago, lotan, eta ez gaitu ezagutzen. Sukaldera joan gara eta hozkailua ireki du M-k. Arrautza dozena bat eta Auchan markako ardo tetra-brik bat. M-k arrautzak hartu eta tortila bat egiten hasi da, goizeko bostetan eta ezezagun batzuen etxean. Jan ondoren gelen banaketa egin dugu eta “bere” gelan zigarro bana erre dugu. Komunera joan denean, gela hori ordaintzen zuen neskaren kuleroak hartu ditut xestotik eta ohearen gainean utzi ditut. M etorri denean deskojono gehiago egon da. Ohera joateko garaia da. Nekatuta gaude.
*Alderantzizko psikologia erabiltzea da nire asmoa.
Nere burmuina ere nahiko lehortuta dagoenez azkenaldian; konklusio edo ilustrazio birtual bakarra datorkit burura zure kronika irakurri ondoren: estepan aldamiz taktelezko txandalaz jantzita, kebaba esku batean eta bestean mikroa “i’m waiting for my man, 26 dollars in my hand” abesten.
Bideo bat: http://es.youtube.com/watch?v=Nv7dvcjR0eI&feature=related
Orain “Ttaaaak!” oihuaren keinuak badakigu non duen jatorria.
Aizu Nouvelle Hendayaise, marrazkilaria zarela zu… pasa ezazu paperera Estepanen irudi birtual hori. Jajaja! Zergatik imaginatu dut taktelezko txandala arrosa dela? Jajaja!