Herritarrentzat instituzio diren dendak oraindik irekita jarraitzen dute. Beno, denek ez. Agian instituzio dira irekita jarraitzen dutelako, edo alderantziz. Edonola ere, komertzio txikiaren baitan biltzen dira denda mitiko horiek. Pertsonen arteko harremanen kokaleku izan ohi dira maiz okindegia, arraindegia edo gero eta gutxiago geratzen diren ultramarinoak. Ez dut Kirmen Uribe izateko asmorik, baina gogoan dut nola txikia nintzenean amarekin edo amonarekin enkarguak egitera nola joaten nintzen.
Oreretako Foru Plazako Monica denda dut gogoan batez ere. Ultramarinos mitikoa, ixten dutenean zaborretara milaka kaxa botatzen dituen horietakoa. Hondarribiako tomateak, bakailua kalean zintzilik, sardinek osatzen zuten abaniko forma, euliak hiltzeko lanpara morea, platerdun balantza, kinder arrautzak, menbriloa, gelatina egitekoa zekarten poltsak… Gogoratzen dut amaren hizketa alaia, hurbilekoa bertakoekin. Bezero andana egon ohi zen, denak hitz egiten, bakoitza bere txanda itxoiten inolako presarik gabe. Dendan batzuetan lan egiten zuen Miguelek, bertako senar-emazteetako -ez dut gogoan- baten aitak. Beti galdetzen zidan ea noiz joango nintzen Oiartzunera eta nik “inoiz!” erantzuten nion beti, ez zitzaidala gustatzen. Umeek ere gezurrak esaten dituzte batzuetan.
Urte batzuk pasatzen, jada aurpegian ilea nuela, itzuli nintzen denda horretara. Xarma ez zuen galdu, denak ia berdin jarraitzen zuen. Akaso Kinder huevoren oparien anuntzioak. Dendariak aurpegi arraroa jarri zuen, pentsakor, eta “zu Txano ta Maixabelen semia zea?” galdetu zidan. Nik baietz. Eta betikoa: “zenbat hazi zean”, “goatzen naiz txikiya zinenian amakin etortzen zinela”… Zer esan jakin ez eta irribarretxoa. Berezkoa nigan. Gero itzuli naizen apurretan -alferkeria perenne-a dela-eta- beti esan izan die bezeroei nor naizen. “Uy, qué mayor está” “cuánto has crecido” eta horrelakoak. Betikoa eta betiko irribarretxoa. Hurbiltasuna somatzen da han.
Zoritxarrez itxi zuten beste leku batek ere markatu ninduen bere garaian: bolera zaharrak. Bolorik ez zuen bolera. Nerabezaroan arratsalde (ia) osoak pasatzen genituen han, bideojoko makinetan edo futbolinean ibiltzen. Edo ezertan ere ez. Inon kerik egon bada historian, han zen. Ez Txernobil, ez indioen arteko mezuetan, ez labe garaietan… Andra Mari kaleko bolera zaharran baizik. Garai hartan gaztetxoak ginenak aprobetxatzen genuen zigarroak erretzeko. Akordio tazito bat zegoen boleran: helduak -guretzako zaharrak zirenak- ezin ziren sartu. Eta horrek ilegalitatera bultzatzen gintuen. Behin, gizona izan arren, erretzen eta makina batean jokatzen ari nintzela, abisua pasa zidaten “Erik! Zure aita”. Zigarroa ahal nuen moduan ezkutatu nuen. Hala ere, aita segituan atera zen, Belarmotz rugby-fanzinea uztera bakarrik joan baitzen. Eskerrak. Gero esan zidan etxean “¿cómo podéis estar todo el día ahí metidos? Es un horreur cuánto humo hay“. Berak esandakoa erabili nuen behin baina gehiagotan amari nik ez nuela erretzen sinestarazteko. Alferrikakoa zela banekien. Baina euroak hilobiratu zuen bolera.
Aipatutako bi adibideokin garai batean bizi genuen harremanak azaldu nahi izan ditut. Alde batetik bestera ibiltzeko gai ginen, bai erosketak egiteko edo ondo pasatzeko. Duela urte batzuk, ordea, zentro-komertzialak jarri zizkiguten. Orain ez dut esango ez naizela inoiz egon, ezta ez dudala sekula ezer ere ez erosi. Gezur borobila izango litzateke. Merkatalgunea da aisialdiaren tenplua. Bertan aurkituko duzu behar duzun guztia: dendak, supermerkatuak, kafetegiak, bolerak… Pertsonen arteko harremanik ez, ordea. Ez dago harreman goxorik han, gutxiago hubiltasunik. Indibidualismoa bultzatzen dute, noraezean dabiltzan zonbi bilakatzen gaituzte. Paradisua balitz bezala dago argiztatua. Merkatalgunea da aisialdian zerbait-egin-nahi duenarentzako paradisua: erosi, ordaindu, txartela pasa, txekea eman. Eta ez, ez dut Travel txartelik. Artaldea baikina bezala joaten gara zentro-komertzialetara. Dirua xahutzera, imaginazioa xahutzen ari garen heinean. Erosten dugun bitartean gure nortasuna oparitzen diegu. Horrela kontrolatzen gaituzte, euren hatza. Sarreran “Kauf macht frei”* kartela jarri beharko lukete.
*”Erosteak libre egingo gaitu” itzulpen nahiko librea.
Argazkian, blog hau perpetratzen duena. Hain nostalgikoa da ze haur izatera itzuli den. Eta ez, ez zen Machu Pichun jaio. Malkoak berezkoak ditu.

Jode, blog bat zenuen eta nik jakin gabe! Oso ona, tio!
Ordenik gabe irakurtzen hasi naiz zure bitakora hau, eta titulu erakargarriak deituta post honetan sartu naiz.
(Gustatu zaidan arren, aitortu behar dut nire instintu primarioak ez dituela asetu. Hala ere, oroitzapen politak ekarri dizkit, Oreretara immigratu nuenean bolera BERRIkoa nintzen arren).
Irakurtzen jarraitu beharko dut, bloga diot, izenburuari zentzua hartzeko…
Ké cabrón, komentarioak moderatzen dituzu…
Bueno, moderaketarena ez da nik nahi dudalako… Barkamena eskatu nahi dizut zure instinto primarioak ez asetzeagatik, hala ere. Unibertsitate irakasle bat blog honetan sartzeak ilusionatzen nau, jet-setaren parte egiten ari delako.