Berria egunkariaren edizio digitalean irakurri ahal izan dugunez (http://www.berria.info/albisteak/30500/Goenagaren_Sukaldekontuak_lehen_filmaren_errodajea_hasi_da.htm) Aizpea Goenaga bere lehendabiziko filma errodatzen hasi da. Oreretako eskola zahar batean grabatuko dituzte eszena batzuk… parbulitos-ak ginenean joaten ginen ikastola. Pelikularako sukaldaritza-eskola bat bilakatuko dute Agustinak auzoko eskola zaharra.
Bertan hasi zen nire (gure) sozializazio prozesua. Ikastolako eraikin zahar horretan ezagutu nituen nire oraingo lagunak, nire “lehenengo neska” han eduki nuen, zigorren forma zuten Damoklesen ezpata buru gainean genuen uneoro. Erabat profetikoak ziren plastilinazko hautsontziak egin genituen han, kristalak duen ebakitzeko ahalmena ezagutu zuen nire eskuin eskuak. “Ibon musikero” kantatzen genion autobuseko txoferrari. Urte gutxi batzuk beranduago -oraingo ikuspuntutik gutxi izango lirateke- The Clash-etaz izan nuen lehenengo erreferentzia izan zen hark askotan zeraman kamiseta zaharra (atentzioa deitu zidana polizia bat tipo bat jotzen ikustea izan zen).
Parvulitos garaiko oroitzapenak ditut oraindik eta, nola ez, autobusean hirunaka joaten ginen eraikin hartakoak (beno, A. Lekuonari bere izebak laguntzen zion). Errekreotan, maldan zegoen zelaian sugetxo bat agertzen zenean, adibidez. Gizaki txiki batzuen krudelkeria jasotzen zuen topatua izatearen zorte txarra zuen narrastitxoak. Korroan biltzen ginen eta, ausartenak-edo, torturatu egiten zuen animalia gaixoa. Garai hartan “asperdura” hitza ez zen gure hiztegian existitzen. Beno, hiztegiak ezta ez ziren existitzen guretzat. Milaka kontu aipatu ditzaket: andereñoidoiak elurra jostailuzko lapiko horian hartu zuenekoa, Larra txirristratik erori zenekoa, kaleratua nengoen batean galtzontziloetan kaka egin nuenekoa, egiten genituen bollo-ak, Maiderrek zapatiletako lokarriak lotu zizkidanekoa, klasekide berriak etorri zirenekoa, oinarekin marrazkiak egin behar izan genituenean…
Horregatik guztiagatik, filma estreinatzen dutenean ikustera joango naiz. Badakit erabat itxuraldatuta aterako dela ikastola. Berdin zait. Pelikula ona edo txarra izan, berdin zait. Leku hark duen magia gogoraziko dizkit “Sukalkontuak”-ek. Paradisua zinema batean ikusiko dut, plastilinazko hautsontzirik gabe.
Oreretako Agustinen konbentuaren atzean dago ikastola.
